‘Izan Arrantzale’ programa bizkaira hedatu da, euskadi osoan artisau-arrantzan belaunaldien arteko erreleboa bultzatzeko

- “Artisau Arrantza Ezagutuz!” izenburupean, Opeguik, Opescayak, Eroski Fundazioak, MSCk eta HAZIk Euskadi mailan aitzindaria den hezkuntza-proiektu bat jarri dute abian. Proiektuaren bidez, 300 ikaslek arrantzaren prozesua bertatik bertara ezagutuko dute, “arrantzaletik mahaira” ibilbidea biziz.
- Programa honek Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren eta Itsas Garapen Euskadiko Arrantza Ekintza Taldearen laguntza jaso du.
- Ekimenaren helburua sektorearen irudia modernizatzea eta 8 eta 12 urte bitarteko gazteen artean arrantza-sektorea etorkizuneko lanbide-alternatiba gisa kokatzea da.
Euskadiko baxurako arrantzaren sektoreak “Artisau Arrantza Ezagutuz!” programa berria aurkeztu du, Izan Arrantzale proiektuaren barruan. Proiektu horrek sei urte daramatza garatzen Gipuzkoan. Lehen aldiz, arrantza-sektorearen belaunaldien arteko erreleboa lantzeko proiektu estrategiko honek lurralde-mugak zeharkatuko ditu, 2025-2026 ikasturtean Euskadin batera garatzeko.
Proiektua helburu argi batekin sortu da: belaunaldien arteko erreleboaren egungo erronka lantzea. Ikasketa esperientzialean oinarritutako metodologiaren bidez, Euskadiko gazteek artisau-arrantza eta baxurako arrantza tradiziotzat ez ezik, ekonomia urdinerako lanbide moderno, duin eta funtsezkotzat ere hartzea lortu nahi da. Aldi berean, ekimenak elikadura eta kontsumo jasangarriago eta arduratsuagoaren garrantziaz sentsibilizatzea bilatzen du.
Ekimenaren barruan, Bermeoko lonjarako lehenengo bisita eta Bermeoko San Pedro Kofradiako lehenengo sukaldaritza-tailerra Urkitzaurko Urkitza Eskola ikastetxearekin egingo dira. Jardunaldian 8 eta 9 urteko 50 ikasle egongo dira, artisau-arrantzaren eta baxurako arrantzaren sektorera hurbilduko direnak.
Aurrekaririk gabeko aliantza estrategikoa
Programa honen indarra sektore arteko lankidetza berri batean datza, balio-kateko eragile nagusiak batzen dituena arrantza-trazabilitatearen zirkulua ixteko. Batasun horri esker, belaunaldien arteko erreleboaren erronkari hainbat ikuspegi profesional eta adituetatik hel dakioke:
- Opegui y Opescaya: Gipuzkoako eta Bizkaiko baxurako arrantza-ekoizleen erakunde gisa, sektorearen zuzeneko ezagutza eta flotaren kudeaketa eskaintzen dute, bi lurraldeetako arrantzaleen ahotsa eta esperientzia irudikatuz.
- Eroski Fundazioa: Irabazi-asmorik gabeko erakunde honek proiektuaren esku jarri ditu bizi-ohitura osasungarriak sustatzen egindako ibilbide zabala eta “Elikadura Eskola” programa, eta funtsezkoa da itsasoko produktua nutrizioarekin eta etxeetako kontsumo arduratsuarekin lotzeko.
- HAZI: Erakundeak zorroztasun teknikoa eta kalitatearen sustapena bermatzen ditu Eusko Label bereizgarriaren bidez, balio-katea zainduz eta Euskadiko lehen sektorearen aintzatespenari buruz sentsibilizatuz.
- Marine Stewardship Council (MSC): Nazioarteko GKE den aldetik, iraunkortasunean duen esperientzia globala eskaintzen du, eta gazteek ozeanoak babestearen garrantzia arrantza jasangarriaren Zigilu Urdina erabiliz ikasten dutela ziurtatzen du.
Arrantzaletik mahaira: trazabilitate osoko ibilbidea
“Artisau Arrantza Ezagutuz!” programa pilotua da, eta ikasturte honetan 12 eskola-talde (gutxi gorabehera, 8 eta 12 urte bitarteko 300 gazte) hartuko ditu. Helburua da ikasle bakoitzak bertatik bertara bizi ditzala arrainak itsasotik irteten denetik bere platerera iristen den arte zeharkatzen dituen lau etapa nagusiak, sektorearen ikuspegi osoa eta modernizatua bermatuz:
- Bisitak lonja eta kofradietara (Jatorria): Getaria, Hondarribia eta Bermeoko portuetan, prozesuaren lehen faseaz jabetuko dira ikasleak: arraina portura iristeaz eta enkantearen funtzionamenduaz. Bisitaldi horietan, ikasleek rol-jokoak izango dituzte (bakoitzari lonjako pertsonalaz bestelako rol/funtzio bat esleitzen zaio), eta fikziozko arrainaren enkante batean parte hartuko dute, egun horretako erosle izango baitira.
- Nutrizio eta kontsumo arduratsuari buruzko tailerrak (Aukera): Jatorria ezagutu ondoren, Eroski zentroak bisitatuko dituzte ikasleek, erosketa arduratsuaren garrantzia ulertzeko. Tailer horietan, etiketak irakurtzen ikasiko dute, kalitate- eta jasangarritasun-zigiluak identifikatzen, eta tokiko eta sasoiko produktuetan oinarritutako elikadura orekatuaren garrantzia ulertzen, kasu honetan, gure arrantzaleek harrapatutako arraina.
- Sukaldaritza ikastaroak Kofradia-Itsas Etxean eta Bermeon (Eraldaketa): Prozesuak praktika gastronomikoarekin jarraitzen du Donostian eta Bermeon. Gazteentzako errezeta berritzaile eta erakargarrien bidez —hala nola itsas aingiraren nugget-ak edo hegaluze-takoak— ikasiko dute arraina elikagai dibertigarria eta zaporetsua dela, eguneroko elikaduran integratzeko.
- Arrantza Ikustera Goaz! esperientzia (Bizipena): Programa amaitzeko, itsasora irtengo dira, bidaiarientzako ontzietatik eta distantzia txikira, artisau-arrantzako jardunaldi erreal bat ikusteko. Ikasleek zuzenean ikusiko dute baxurako ontziek (Satanas II edo Gure Naiara, besteak beste) hondoko tretza bezalako tresna txikiekin nola lan egiten duten. Horri esker, bertako espezieak bereizi ahal izango dituzte, eta harrapaketa bakoitzaren atzean dagoen esfortzua baloratu ahal izango dute.
Ibilbide esperientzial honek hezteaz gain, itsasoarekiko lotura emozionala sortzea du helburu, ikasleak Euskadiko artisau-arrantzako eta baxurako etorkizuneko preskriptore eta profesional bihurtuz.
Adierazpenak
Bermeon egin den lonja eta sukaldaritza-tailerraren lehen jardunaldian, ekimenaren parte diren eragileekin eta hura posible egiten duten erakundeekin harremanetan jarri gara.
“Proiektu hau sektorea dibertsifikatzeko eta modernizatzeko bide zuzena da. Gazteak sektorearekiko harrotasuna sentitzea nahi dugu, eta aukera profesional erreal gisa ikustea. Gainera, plazer bat eta pozgarria da arrantza-portuak gaztez beteta ikustea sektore horri buruz ikasten. Arrantzaren errealitatea ezagutu dadin, gazteak gure lonja, kofradia eta itsasontzietara hurbildu behar dira, horrela, bizirik eta martxan dagoen sektorea dela senti dezakete”, Norberto Emazabelek eta Aurelio Bilbaok adierazten dute OPEGUI eta OPESCAYAtik.
“Izan Arrantzale” bezalako programak funtsezkoak dira gure artisau-arrantzaren eta baxurako arrantzaren etorkizuna bermatzeko. Belaunaldi berriek Euskadirentzat estrategikoa den sektore bat barrutik ezagutzea behar dugu, gure itsas nortasunari, jasangarritasunari eta hurbileko elikadurari lotua. Itsasoaren, kofradien eta gure arrantzaleen errealitatea ikasleei hurbiltzea etorkizuna ereitea ere bada gure portuentzat eta euskal arrantzaren balio-kate osoarentzat”, azpimarratu du Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikulturako zuzendari Ixone Soroak.
“EROSKIk eta EROSKI Fundazioak kontsumitzaileekin eta, oro har, gizartearekin dituzten konpromisoetako bat da tokiko eta sasoiko produktuen kontsumoa sustatzea eta elikadura-ohitura osasungarriak sustatzea. Proiektu hau bereziki baliotsua da, aukera ematen baitu ikasleei euskal arrantza tradizionalaren ikuspegi integrala hurbiltzeko, eta, hala, elikadura, jasangarritasuna, lurraldea eta hezkuntza lotzeko, arrainaren balio-kate osoaren bidez”, dio Alejandro Martínez de Berriochoak, EROSKI FUNDAZIOAren zuzendariak.
Itsas Garapenek adierazi duenez “belaunaldien arteko erreleboa gure estrategiaren ardatz nagusietako bat da, eta gazteak sentsibilizatzetik hasten da nahitaez, Izan Arrantzale eta Artisau Arrantza Ezagutuz! ekimenek erakusten dutenez: arrantzaren errealitatea hurbiltzeaz gain, bokazioak pizteko eta gure lurralderako funtsezkoa den jarduera batekin konektatzeko aukera ematen du, baita etorkizuneko arrain-kontsumitzaileak eta itsasoari lotutako elikadura-kultura arduratsu baten bermatzaileak izango direnak trebatzeko ere”.
” Izan Arrantzale” programa aukera bikaina da gazteei kontsumitzen dutenaren atzean dauden bermeak identifikatzen irakasteko. Eusko Label bereizgarria ezagutzen ikastea nahi dugu, euskal flotak harrapatutako gure arrainaren kalitate, jatorri eta freskotasun handiko zigilua baita. Zigilu hori belaunaldi berrien aurrean balioan jartzeak ekonomia urdina eta tokiko enplegua babesteaz gain, kontsumo arduratsu, kontziente eta euskal lehen sektorearekin konprometituaren preskriptore bihurtzen ditu ikasleak”, adierazi du Raimundo Ruiz de Escudero HAZIko zuzendariak.