EROSKIk aitorpena jaso du Bezeroarentzako Arreta-Zerbitzuagatik, Banaketa Handiaren eta Fidelizazio-Kluben kategorietan
Bezeroarentzako arretaren bikaintasunarekiko konpromisoa

- EROSKIk berreskuratu du banaketa handian bezeroarentzako arreta-zerbitzurik onenaren aitorpena; lau urte zeramatzan kategoria hori lortu gabe.
- Konpainiak, halaber, galardona berritu du fidelizazio-kluben modalitatean.
- Eva Ugartek, EROSKIko Marketing Estrategikoko zuzendariak, bi sariak jaso zituen Madrilen egindako galan.
EROSKI saritu dute Urteko Bezeroarentzako Arreta Zerbitzu Onenaren Sarien 16. edizioan, fidelizazio-kluben eta banaketa handiaren modalitateetan. Sariak Sotto Tempo Advertising aholkularitza-enpresak antolatu ditu. Aitorpen horrek berretsi egiten du konpainiak zerbitzuaren kalitatearekin eta bezeroaren esperientziarekin duen konpromisoa.
Bi aitorpenak lortzeak balioa ematen dio EROSKIk bezeroekiko harreman-kanal guztien bidez arreta hurbila, eskuragarria eta pertsonalizatua eskaintzeko egin duen lanari. Gainera, banaketa handiaren kategorian saria berreskuratzea mugarri bereziki esanguratsua da erakundearentzat, sektoreko erreferente bihurtu baitu berriz ere merkataritza-banaketaren esparru lehiakorrenetako batean.
«Bi aitorpen hauek jasotzeak poztasun handia ematen dio EROSKIri. Gure taldeek kontsumitzaileei entzuteko eta ahalik eta esperientziarik onena eskaintzeko egunero egiten duten konpromisoaren isla dira. Banaketa handian lidergoa berreskuratzea bereziki esanguratsua da, azken urteotan gure bezeroekiko harremanaren puntu bakoitza hobetzen jarraitzeko egindako lana aitortzen duelako», adierazi du Eva Ugartek, EROSKIko Marketing Estrategikoko zuzendariak, sariak Madrilgo Teatro Las Vegasen jasotzean.
«Sari hauek animatzen gaituzte arreta hurbila, pertsonalizatua eta kanal anitzekoa eskaintzeko gure apustuan aurrera egitera. Aitorpen honen atzean ehunka profesionalen ahalegina dago, egunero lanean ari direnak gure bezeroen beharrei erantzuteko eta EROSKIrekiko duten konfiantza sendotzen laguntzeko», gaineratu du Ugartek.
Metodologia eta ebaluazio-irizpideak
Edizio honetan, aurreko urteetan bezala, parte hartu duten enpresak prozesu zehatz eta sakon baten bidez ebaluatu dituzte; prozesuak 220 Mystery Shopper test barne hartu ditu, bezeroarentzako arretako hainbat kanaletan egindakoak (telefonoa, posta elektronikoa, web-inprimakiak eta sare sozialak). Gainera, Espainiako biztanleria ordezkatzen duten 2.000 lagunen artean gogobetetze-inkesta bat egin da. Sarituak hautatzeko irizpideak eta kalitate-estandarrak UNE-EN 15838 Europako araudian oinarritzen dira, bezeroarekiko harremanerako puntuetan zerbitzuak emateko betekizunak ezartzen dituena.
EROSKIren bezeroarentzako arreta-zerbitzuaren ezaugarri dira arreta pertsonalizatua eta zalantza, iradokizun eta erreklamazio guztiei berehala erantzuteko konpromisoa; kudeaketaren bat behar badute, gehienez 24 orduko epean erantzuten zaie. EROSKIk kontsumitzaileei gaztelaniaz, euskaraz, katalanez eta galegoz egiten die arreta, eta bezeroen eskura dago telefonoz zein posta elektronikoz, baita www.eroski.es webgunearen bidez ere.
Joan den urtean, EROSKIk 424.248 kontsulta artatu zituen zerbitzu honen bidez, %91,68ko ebazpen-indizearekin eta lehen kontaktuan %89,49ko ebazpen-portzentajearekin.
Kontsumitzaileek zuzenean ere jar daitezke harremanetan EROSKIrekin sare sozialen bidez. Bere Facebook orri ofiziala 598.400 pertsonak baino gehiagok jarraitzen dute, Instagramen 381.501 baino gehiagok eta TikTok-en 105.468 pertsonak; X-n duen profilak (@EROSKI), berriz, 94.417 jarraitzaile baino gehiago ditu.