EROSKI Fundazioak 25.000 euro eman dizkio dohaintzan Espainiako Gurutze Gorriari Kolonbiako lurrikarak erasandakoei laguntzeko
Larrialdi humanitarioa Kolonbian

- Erantzun humanitarioan laguntzeko balioko du ekarpenak, eta kaltedun suertatu diren herritarren beharrik premiatsuenei erantzuteko
- Kolonbiako Gurutze Gorriak mobilizatuta ditu bilaketa eta erreskate taldeak, bai eta beste bitarteko batzuk ere seismoak eragindako larrialdiari erantzuteko.
EROSKI Fundazioak 25.000 euroko dohaintza bat egin dio Espainiako Gurutze Gorriari, Kolonbiako mendebaldea astindu duen 7,4ko magnitudeko lurrikarari erantzun humanitarioa emateko eta kaltedun suertatu direnen beharrik premiatsuenak artatzen laguntzeko.
Abuztuaren 10ean izan zen seismoa, eta epizentroa Chocoko departamentuan izan zuen, non kalte pertsonal eta material handiak eragin baitzituen. Espainiako Gurutze Gorriaren azken txostenaren arabera, 12 departamentuk eta 335 udalerrik jasan dituzte kalteak: zazpi milioi laguni eragin die, 265 hil dira eta 3.500 zauritu. Horretaz gainera, kalteak eragin ditu etxe, ikastetxe eta osasun etxeetan eta errepideetan, zubietan eta oinarrizko beste azpiegitura batzuetan.
Kolonbiako Gurutze Gorriak larrialdiko erantzuna martxan du geroztik. Haren zeregina da jendea bilatu eta erreskatatzea, larrialdiko osasun arreta eta babes psikologikoa ematea, bai eta oinarrizko artikuluak banatzea ere. Espainiako Gurutze Gorriak erantzun horri laguntza ematen dihardu, Gurutze Gorriaren eta Ilardi Gorriaren Elkarteen Nazioarteko Federazioarekin koordinatuta. Espezialistak eta hornigaiak igorri dituzte hara, eta arlo askotako laguntza ematen dabiltza: osasun laguntza, laguntza psikosoziala, ura eta saneamendua, behin-behineko ostatua eta oinarrizko beharren estaldura.
“EROSKI Fundazioak elkartasuna erakutsi nahi die lurrikarak jotako pertsona eta familiei, eta lagundu nahi du Kolonbiako Gurutze Gorria egiten ari den lan horretan. Horrelako larrialdietan, funtsezkoa da bizkor erantzutea eta zaurgarriena dagoen jendeari laguntzea. Ekarpen honekin gure babesa eman nahi diegu kaltedun suertatu direnen behar premiatsuenak artatzen ari direnei“, adierazi du Alejandro Martínez Berriochoak, EROSKI Fundazioko zuzendari nagusiak.
“Eskerrak eman nahi dizkiogu EROSKIri larrialdi honetan emandako babesagatik. Ekarpen horri esker, indartsuagoa izango da Kolonbiako Gurutze Gorriarekin batera ematen ari garen erantzuna, eta kaltedunen premiarik larrienak artatu ahalko ditugu, hala nola oinarri-oinarrizko artikuluak, behin-behineko ostatua, osasun arreta eta laguntza psikosoziala. Ebaluazioek jarraitzen dute, eta gure helburua da baliabideak mobilizatzen jarraitzea premiarik handiena den tokietan“, adierazi du Jaime Gregorik, Aliantzetarako eta Gizarte Erantzukizunerako zuzendari nazionalak.
Une honetan, jendea salbatzea eta pertsona zaurgarrienei asistentzia bermatzea da gure lehentasuna; bitartean, ebaluazioak egiten dihardute, ikusteko norainoko kalteak izan diren, eta larrialdiak nolako premiak eragin dituen.
EROSKI Fundazioa konprometituta dago egoera bereziki zaurgarrian diren pertsona eta komunitateen alde, eta ildo horretan etengabe egiten duen ahaleginaren parte da lankidetza hau. Espainiako Gurutze Gorriarekin eta horrelako erakunde espezializatuekin lankidetzan arituta, Fundazioak laguntzen du larrialdi humanitarioetan erantzuten eta kaltedun suertatu direnen ongizatea sustatzen.
EROSKI FUNDAZIOAri buruz
EROSKIk 1997an bultzatutako ekimena da EROSKI Fundazioa, helburu duena gizartearentzako ekintza sozialeko ekimenak garatzea. Batez ere, ikerketa, berrikuntza, sustapena, hezkuntza eta kontsumitzaileen zein ingurunearen babesa dute ardatz ekimenek, eta betiere elikadura eta ohitura osasungarriak zaintzea. Gizarte bidezkoagoa, solidarioagoa eta kohesionatuagoa sustatzen du fundazioak, jardunaren oinarrian beti interkooperatibismoa hartuta.