Berrikuntza-proiektuak

Itzuli proiektu guztietara

BELOOP: kontsumo-ohitura jasangarriagoak eta zirkularragoak sustatzen

Kontsumo-ohitura jasangarriagoak eta arduratsuagoak sustatzea da Europako BELOOP proiektuaren helburu nagusia, kontsumitzaileei ekonomia zirkularra bultzatzen eta baliabideak hobeto aprobetxatzen lagunduko dieten erabakiak hartzeko laguntza emanez.

Ingurumenarekiko kontzientzia gero eta handiagoa den arren, badaude oraindik ere kontsumitzaileek portaera zirkularrak bereganatzea eragozten duten oztopoak. Erronka horri heltzeko, BELOOPek kontsumitzaileen portaerari buruzko ikerketa, gizarte-zientziak eta teknologia berriak uztartzen ditu. Horrela, erosketa-erabakietan eragina duten faktoreak identifikatu eta kontsumo-eredu arduratsuagoetarako trantsizioa erraztuko duten estrategiak garatuko ditu.

Proiektuaren barruan, hainbat esku-hartze garatu eta baliozkotuko dira; besteak beste, ingurumen-informaziorako tresnak, etiketatze-sistemak, sentsibilizazio-kanpainak eta kontsumitzaileei erabaki jasangarriagoak hartzen lagunduko dieten pizgarriak. Lau esparrutan egindako esperientzia pilotuak erabiliko dira soluzio horiek ebaluatzeko: elikagai-ontzi jasangarriak, produktu elektronikoak, mugikortasun partekatua eta ehungintzako produktuen berrerabilera eta konponketa. Horrez gain, adimen artifizialean oinarritutako tresnak erabiltzeko aukera aztertuko da estrategia bakoitzak, praktikan jarri aurretik, zenbaterainoko eraginkortasuna izan dezakeen aurreikusteko.

EROSKIk proiektuan parte hartzen du entzute aktiboan, parte-hartzean eta kontsumitzaileekiko lankidetzan duen esperientzia zabala eskainiz; izan ere, alderdi horiek funtsezkoak dira haren eredu kooperatiboan. Proiektuko beste bazkide batzuekin elkarlanean, jatorri biologikoko elikagai-ontziak —soluzio biodegradagarriak barne— hobeto ulertu eta onartzeko estrategiak diseinatzen eta baliozkotzen lagunduko du, baita kontsumo-ohitura jasangarriagoak eta zirkularragoak sustatzen ere.

Horretarako, hainbat jarduera egingo dira kontsumitzaileekin eta, halaber, merkataritza-ingurune errealetako esperientzia pilotuak ere. Jarduera horien artean daude, besteak beste, informazio- eta sentsibilizazio-kanpainak, partaidetza-tailerrak eta onarpenari buruzko azterlanak. Jarduera horiei esker, etiketatzeak, ingurumen-informazioak eta komunikazioak erosketa-erabakietan eta ontziak bizitza baliagarriaren amaieran behar bezala kudeatzeko moduan duten eragina aztertu ahal izango da.

BELOOPek Europako 21 erakunde biltzen ditu, enpresen, zentro teknologikoen, unibertsitateen, administrazio publikoen eta ekonomia zirkularrean espezializatutako erakundeen artean. DRAXIS Research Ventures erakundeak (Grezia) koordinatzen du proiektua. Proiektuak 36 hilabeteko iraupena du, eta Europar Batasuneko Horizonte Europa programaren esparruan garatuko da.

BELOOPen parte hartuta, EROSKIk entzute aktiboarekin eta kontsumitzaileei laguntzearekin duen konpromisoa sendotzen du. Enpresaren helburua da aukera jasangarriagoen aurrean kontsumitzaileek dituzten beharrak, pertzepzioak eta oztopoak hobeto ulertzea, eta erosketa-erabaki arduratsuagoak hartzen eta kontsumo-ohitura zirkularragoak bereganatzen lagunduko dieten informazioa eta tresnak eskaintzea.

Finantziazioa eta babesa

Europar Batasunak kofinantzatu du BELOOP proiektua —Kontzientziatik ekintzara: Europan kontsumo zirkularrerako trantsizioa bizkortzeko ebidentzietan oinarritutako estrategiak—. Nolanahi ere, adierazitako ikuspegiak eta iritziak egileenak dira soilik, eta ez dute zertan Europar Batasunaren edo Ikerketaren Europako Agentzia Betearazlearen (REA) iritzia islatu. Ezin dira Europar Batasuna zein dirulaguntza ematen duen agintaritza horien erantzuletzat hartu. Dirulaguntza-hitzarmenaren zenbakia: 101291625.