Prentsa-aretoa

Berri guztietara itzuli

EROSKI-k eta Nafarroako Ekonomia Sozialeko Enpresen Elkarteak (ANEL) hitzarmen bat egin dute Foru Erkidegoan ekintzailetza kooperatiboa bultzatzeko

  • Bi aldeek ekimenak landuko dituzte elkarrekin laguntzeko kooperatibei COALEAren bitartez (Ekintzailetza Kooperatiboko Zentroa). ANELek eta UCAN Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Kooperatiben Batasunak sustatzen dute COALEA.

EROSKI enpresa kolaboratzaile moduan sartu da COALEAn, Ekintzailetza Kooperatiboko Zentroan, Nafarroako ekintzailetza kooperatiboa bultzatzeko. ANEL Nafarroako Gizarte Ekonomien Enpresen elkartearekin eginiko hitzarmenaren bitartez sartu da. Elkarrekin, ekimenak bultzatuko dituzte kooperatiba berriei laguntzeko: enpresa lankidetza sustatuko dute, eta eredu kooperatiboa hedatuko dute garapen ekonomiko eta sozialerako motor gisa.

COALEA, ANELek eta UCANek sustaturikoa, erreferentziazko espazio bat da ekintzailetza kooperatiborako eta ekonomia sozialeko enpresen arteko lankidetzarako. Ematen dituen zerbitzuen artean daude aholkularitza, prestakuntza, ekintzailetzaren akonpainamendua eta lankidetzarako espazioak, eta xedea du kooperatiba berrien sorkuntza bultzatzea eta daudenak indartzea.

Lankidetza horri esker, COALEAk bultzaturiko ekimenetan parte hartuko du EROSKIk. Ekintzaile interesdunei kooperatiba berriak sortzen laguntzeko ekimenak dira, ezagutzak ez ezik enpresa jardunbide egokiak partekatzeko eta Nafarroako kooperatiben eta lan arloko sozietateen arteko lankidetza guneak sustatzeko.

Aurreikusten diren jarduketen artean, aipagarri dira jardunaldiak, tailerrak, esperientziak trukatzeko topaketak eta prestakuntza jarduerak, bai eta sentsibilizazio ekintzak ere, kooperatibismoak enpresa eredu lehiakor eta parte hartzaile modura duen balioa zabaltzeko, betiere garapen iraunkorrarekin konprometituta.

Eder Menak, EROSKIren harreman instituzionaletarako arduradunak, honela dio: “Erreferentziazko kooperatiba gisa dugun esperientzia partekatu nahi dugu, eta ekintzaileen zein kooperatiba ekosistemako beste enpresa batzuen eskura jarri berrogeita hamar urtetik gorako ibilbidean eskuratutako ezagutza”.

Ignacio Ugalde ANELeko presidenteak, berriz, hauxe esan du: “COALEA erreferentziazko gune bihurtu da Nafarroako kooperatibismorako, eta Eroskiren laguntza aktiboa izateak berretsi egiten du egiten ari garen lan ona; are gehiago indartzen du etorkizuneko enpresa ereduaren alde hartua dugun konpromisoa eta apustua”.

Zentroa, halaber, enpresentzat, gizarte erakundeentzat eta erakunde publikoentzat irekitako topagune gisa dago pentsatua, eta kooperatibismoak egiten duen ekarpen ekonomikoa eta soziala balioan jartzen lagunduko duten ekimenak sustatuko ditu.

Hitzarmen honen bidez lankidetza indartuta, EROSKIk eta ANELek jarraituko dute foru erkidegoan bultzatzen kooperatibismoa, enplegu egonkorraren sorrera, lurralde sustraitzea eta berrikuntza soziala; aldi berean, helburu izango dute bertako ekintzailetza kooperatiboaren ekosistema sendotzea.