Prentsa-aretoa

Berri guztietara itzuli

EROSKI taldeak hitzartu du PETROPRIXI saltzea bere gasolindegien negozioa

  • Operazioan sartzen da EROSKIren 40 zerbitzugune eskualdatzea.
  • Operazio hau urte bukaerarako eginda egongo dela espero dute, horrelako transakzioek izan ohi dituzten baldintzak beteta.
  • EROSKIk trantsizio ordenatu bat bermatuko du: zerbitzuguneek lanean jarraituko dute, eta operazioaren parte direnei lagun egingo die.

EROSKI Taldeak hitzarmen bat egin du bere zerbitzuguneen negozioa PETROPRIXi saltzeko; hura da Espainian liderra low cost gasolindegietan, eta bost herrialdetan baino gehiagotan aritzen da. Operazioan, EROSKIren 40 gasolindegi eskualdatuko dira, eta, horretarako, Deloitteren eta Lawesomeren aholkularitza izan du. Hala, bi aldeek adostutako baldintzak betetzen dituztenean gertatuko da eskualdaketa, ohikoa horrelako transakzioetan.

PETROPRIXek bere sarean sartuko ditu 40 zerbitzuguneak, eta, hala, bere presentzia indartuko du EROSKI gaur egun ari den lurraldeetan: Andaluzia, Aragoi, Asturias, Kantabria, Gaztela eta Leon, Katalunia, Galizia, Balear uharteak, Errioxa, Nafarroa eta Euskal Autonomia Erkidegoa. Konpainiak horrelako instalakuntzen kudeaketan duen eskarmentuari esker, jarduerari jarraipena emango zaio, eta kontsumitzaileei ez zaie zerbitzurik etengo.

Energiaren eta mugikortasunaren sektorea eraldatzen ari diren honetan gertatzen ari da akordioa; kontsumo ohiturak ere aldatzen ari dira, eta operadoreak gero eta gehiago espezializatzen. Testuinguru horretan, EROSKIren ustez, PETROPRIX gai izango da bere eskarmentuarekin jarduera horri etorkizunean bultzada emateko eta energia gero eta gidari gehiagoren eskura jartzeko.

Jarraipen operatiboa eta pertsonei lagun egitea

Operazio hau urte bukaerarako eginda egongo dela espero dute, horrelako transakzioek izan ohi dituzten baldintzak beteta. Bolada horretan, EROSKIk zerbitzuguneen jarraipen operatiboa bermatuko du, eta ohiko jarduerari eutsiko dio; horrela, ez du eraginik izango taldearen elikagai salmentaren jardueran eta bezeroen erosketa esperientzian.

Zerbitzuguneak PETROPRIXen sarera inkorporatuta, berdin eskainiko zaie orain arteko proposamen lehiakorra kontsumitzaileei, eta oraingo kokaguneetan eman ahalko zaio zerbitzuari jarraipena; hori, beraz, EROSKIren saltoki komertzialekiko osagarritasunaren mesedetan izango da. Operazio hau itxita, PETROPRIXek low cost zerbitzuguneen sarea handituko du, 245 izango baititu Espainian, Portugalen, Txilen eta Panaman banatuta.

Etapa berri horretan, kooperatibak jarraituko du elikagaien sare komertziala garatzen, hurbileko formatuak eta frankizia bultzatzen, freskoen eta tokiko produktuen alde apustu egiten, familiei aurrezten laguntzen eta eraldaketa eta efizientzia prozesuetan aurrera egiten, betiere elikadura osasungarriarekin, tokiko aberastasunarekin eta ingurumen iraunkortasunarekin duen konpromisoa betez.

2025ean, EROSKI Taldeak etapa berria finkatu zuen, birfinantzatze prozesua amaituta eta finantza egitura normalizatuta; hala, 6.081 milioiko salmenta izan zuen iaz, eta 1.508 saltokiko sare komertziala.

EROSKIri buruz

EROSKI banaketa talde liderretako bat da Espainia iparraldeko merkatuan —Galiziatik Balearretara—, %12,32ko merkatu kuotarekin; eta liderra da Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan eta Galizian; lidergoan da halaber Balearretan ere. 2025aren amaieran, 1.508 saltoki zituen bere sare komertzialean: besteak beste, supermerkatuak, hipermerkatuak, cash & carry-ak eta online supermerkatuak, baita kirol dendak eta elikagaien arlokoak ez diren beste negozio batzuk ere. Horretaz gainera, 6 milioi Bezero Bazkide baino gehiago ditu, eta 28.200 lagunek baino gehiagok osatzen dute langile taldea; horietatik 8.300, berriz, bazkide eta jabe dira.

Petroprixi buruz

Petroprixena da Espainian low cost gasolindegietan dagoen sarerik handiena. Nazioartean ere aritzen da, eta 245 estazio automatiko izango ditu erosketa hau bururatzean. Konpainiak ezaugarri du teknologia aurreratua eta zerbitzu eraginkorra, eta herrialde hauetan dihardu: Espainia, Portugal, Panama eta Txile. Hala, kalitatezko erregaia eskaintzen du prezio lehiakorrean.

 

Petroprixen prentsa kontaktua:
Susana Paredes
633 082 122
prensa@petroprix.com