• EROSKI AZOKA Interneteko denda berriak aukera eskaintzen du EAEko ekoizle txikiek era askotako produktu fresko eta landuak merkaturatu ditzaten

  • EROSKIK oso dibertsifikatuta dagoen tokiko nekazaritza-ehuna bultzatzen du, zeina giltzarria baita sektorearen iraunkortasunerako

EROSKI AZOKA Interneteko denda berriak, zeinak aukera eskaintzen duen EAEko ekoizle txikiek beren produktuak merkaturatu ditzaten, AA irisgarritasun ziurtagiria eskuratu du, eta horrek esan nahi du behar bezala betetzen dituela webguneetarako irisgarritasuna bermatzen duten nazioarteko estandarrak desgaitasunak dituzten pertsonentzat.  Ilunion Accesibilidad aholkularitza etxeak eman dio ziurtagiria, ONCE Grupo social erakundearen mendekoak.

EROSKIk xehetasunik txikiena ere zaindu nahi izan du, eta ondorioz, bere webgunea erraz erabiltzeko modukoa da, ulergarria eta oso irisgarria, bai Interneteko denda bera eta bai produktuen bilatzailea, hautatzeko iragazkiak, erosketa saskia… Ikusmen-desgaitasuna duen pertsona batek edo itsua den norbaitek, adibidez, arazorik gabe jakin dezake zenbat ari den gastatzen eta zertan. Interaktiboa den guztia irisgarria da”, adierazi du Gustavo Daniel Ramirezek, ILUNION Accesibilidad etxeko aholkulariak, zeina proiektu horretan aritu den lanean.

Desgaitasuna duen edozein pertsona, izan itsua, gorra, mugikortasun arazoak dituena edo desgaitasun kognitiboa duena, edo izan trebetasun digital gutxi duen adineko pertsona bat, modu eraginkor eta autonomoan sartu ahalko da webgunera, eta bertan nabigatu eta interakzioan aritu.

Neurri, kolore eta kontraste egokiko letrak ditu webguneak. Irudiak eta botoiak behar bezala etiketaturik daude lagun egiteko produktuekin erabiltzeko, adibidez pantaila irakurleekin. Bezeroari bidaltzen zaion fakturak eta eskariak kudeatzeko mezu elektronikoek ere betetzen dituzte irisgarritasun baldintzak.

Ezaugarri horiei guztiei esker, ILUNION Accesibilidad etxeak ziurtagiria eman dio EROSKIri eta horrek bermatu egiten du webgune horrek egoki betetzen dituela W3C (World Wide Web Consortium) erakundearen WCAG 2.1 baldintzak.

Tokiko ekoizle txikien aldeko apustua

EROSKI AZOKA webgunea independentea da eroski.es gunetik, baina haren orrialde nagusitik sartu daiteke bertara eta EROSKIren fidelizazio-txartela erabiltzeko aukera ematen du. Bezeroak webgune horretatik egin dezake erosketa, eta hor aurkituko du produktu bakoitzaren fitxa teknikoa eta baita ekoizlearena ere. Eskaria etxera bidaltzen dute edo bezeroak dendan jaso dezake, berariaz horretarako jarri duten gune batean. Bezeroek eskuragarri izango dituzte produktu freskoak, landuak eta baita produktu sorta bereziak ere, adibidez 0 kilometrokoak, artisau erakoak edo tokiko produktu ekologikoak. Nabarmentzekoa da, halaber, ekoizleak zeregin aktiboa duela proposamen komertziala eraikitzeko garaian eta bere produktuak kudeatzeko orduan.

EROSKI AZOKAko produktuak biltzeko lehen gunea Amarako saltokian jarri dute, Donostian. “Komunitate bat sortzea da gure azken helburua, funtsezko bi baliotan oinarrituko den ekosistema bat: iraunkortasuna eta gizarte erantzukizuna.  Webgunea lagungarria da kooperatiba baten izaera praktikara eramateko, gauzak beste era batean egiten ditugula erakusteko”, azaldu du Asun Bastidak,  EROSKIren Tokiko Produktuen zuzendari komertzialak.

Proiektuak zaindu egin nahi ditu harremanak. Produktua emateko unean ekoizlea bera dendan egotea planteatzen du, bezeroa ezagutu dezan eta nola egiten den azaldu diezaion eta sor dakizkiokeen zalantzei erantzun. Aurkezpenak, dastatze saioak edo ekitaldiak ere antolatzen dira tokiko ekoizleekin, bezeroaren eta ekoizlearen arteko hurbiltasuna sendotzeko.

Hitzarmena Eusko Jaurlaritzarekin

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak eta EROSKIk lankidetza hitzarmen bat sinatu dute berrikitan, nekazaritzako elikagaien tokiko industria sendotu eta garatzeko hiru euskal lurraldeetan. Konpromisoa hartu dute nekazaritzako elikagaien industriaren iraunkortasuna bermatzeko EAEn, berrikuntza programetan parte hartuz eta tokiko produktuen bilakaera eta banaketa erraztuko duten hitzarmenak sustatuz.

EAEn nekazaritzako elikagaien arloko 300 ekoizle txiki ingururekin aritzen da EROSKI; alde horretatik, haien produktuek leku nabarmenduak dituzte bere dendetan, batez ere sasoian sasoiko frutek, berdurek eta barazkiek. EROSKIren politika komertzialak ahal den gehiena indartzen ditu tokiko ekonomiak, ingurunean aberastasuna sortzeko eta nekazaritzako elikagaiak, gizartea eta ekonomia garatzen laguntzeko. Eredu horrek oso dibertsifikatuta dagoen tokiko nekazaritza-ehuna bultzatzen du, zeina giltzarria baita sektorearen iraunkortasunerako.

EROSKIri buruz

Kooperatiba izaera duen lehen banatzailea da EROSKI, eta liderra EAEko elikagaien banaketan. Lurralde horretako 9.000 produktu inguru merkaturatzen ditu, eta 1.700 euskal hornitzailerekin lankidetzan dihardu, haiei 770 milioi eurotik gorako erosketa eginez urtero.

EAEn 412 saltoki ditu guztira, hala nola supermerkatu eta hipermerkatu propioak nahiz frankizia erakoak, cash & carry-ak, gasolindegiak, optikak, bidaia bulegoak eta Forum Sport dendak eta Dooers dendak, bai eta on line supermerkatua ere. EROSKI club-en fidelizazio programak milioi bat Bazkide Bezero inguru ditu autonomia erkidego honetan.

ILUNION Accesibilidad erakundeari buruz

Erreferentea da irisgarritasunari buruzko prestakuntzan eta ingurune teknologiko eta fisikoen ebaluazioan, eta enpresa bakarrean biltzen ditu gizarte aholkularitzako zerbitzuak eta irtenbide teknologikoak, ingurune digital eta fisikoen irisgarritasunari, komunikazioari, informazioari eta erakundeen antolaketari aplikatuak; eta diziplina anitzeko talderik onenaren talentua dauka konpainiei bidea erakusteko 360 º-ko irisgarritasunerantz.

Compartir en: