• Supermerkatu frankiziatua desgaitasuna duten 13 pertsonek kudeatuko dute

Atzo ireki zituen ateak desgaitasuna duten pertsonek kudeatutako laugarren supermerkatua, Soraluzen. Eredu berritzailea, GUREAK eta EROSKIren lankidetzaren emaitza da. Gizarte-ekonomiako bi enpresen arteko elkarlana, 2016an Azpeitian inauguratutako supermerkatuarekin hasi zen, ondoren, Gasteizen 2016an eta 2017an beste bi denda inauguratu ziren, beraz, Soraluzeko supermerkatu berriarekin dagoeneko Euskadin lau dira eredu inklusiboa duten dendak.

 

Soraluzeko erdigunean dagoen 350 metro karratutik gorako dendan 13 pertsonek lan egingo dute. Establezimenduak labea, freskoen atala, harategia, urdaitegia, prestatutako janaria eta arrandegia izango ditu. Gainera, etxez etxeko zerbitzua ere eskainiko da.

 

Irekiera berri honi esker, supermerkatu inklusiboen sarea zabalduko da, desgaitasunen bat duten pertsonak laneratzeko aukera berriak eskaintzen dituena, batez ere laguntza-premia handienak dituzten pertsonentzat. Gainera, eredu honek lantaldearen gaitasunen aniztasuna ikusarazten laguntzen du, hein handi batean, publikoarekiko zuzeneko harremanari esker.

 

Asier Vitoriak, GUREAKeko zuzendari nagusiak, ziurtatu du bereziki harro dagoela Euskadin erreferentea den enpresa batekin egonkortu duten lankidetzarekin, non alderdi guztiek etekina ateratzen duten, “GUREAKek EROSKIren esku jartzen du desgaitasuna duten pertsonen laneratzearen esparruan duen know how-a, EROSKIk bere supermerkatu eredua jartzen du eta bien indarrak batuz, desgaitasuna duten pertsonentzat sortutako aukerak biderkatzea lortzen dugu” gaineratu du Vitoriak.

 

Duela sei urte, gizarte-berrikuntzako ekimen aitzindari bati ekin genion, hedatzen joango zenaren ilusioarekin. Aurreko esperientzien balantze positiboak berretsi du gure denda frankiziatuaren ereduaren lehiakortasuna; izan ere, gure inguruan enplegua eta aberastasuna sortzeko eta enplegu sozialaren dibertsifikazioan aurrera egiteko helburua duten ekintzaileekin, kooperatibekin eta gizarte-ekonomiako enpresekin partekatzera irekita dago”, adierazi du Alberto Madariagak, Supermerkatu eta Prozesuen zuzendariak.

 

Aurretiko prestakuntza

Irekiera aurretik, lantaldeak osatzeko orduan osagarritasuna kontutan izaten da, langileen gaitasunei ahalik eta etekin handiena ateratzeko eta zerbitzu profesionala bermatzeko. Gainera, prestakuntza-plan zehatza jasotzen dute GUREAK eta EROSKIren eskutik; lanpostuak egokitzea, prozesuak, zereginak eta funtzioak profilen arabera banatzea, etab.

 

GUREAK, gaitasunak lantzen

GUREAK desgaitasuna duten pertsonentzako lan-aukera egonkorrak eta egokituak sortzen eta kudeatzen dituen enpresa-taldea da. Bere ibilbide luzean zehar gizarteratzeko eta laneratzeko enpresa-eredua sendotu du, egun Europan erreferente dena.

Gaur egun, 5.800 pertsona inguruk osatzen dute taldea, eta horietatik %84k desgaitasunen bat dute. Talde sendoa eta dibertsifikatua da, eta batez ere industriaren, zerbitzuen eta marketinaren sektoreetan lan egiten du.

 

EROSKIri buruz

EROSKI Espainiako izaera kooperatiboko lehen banaketa-taldea da, eta Espainiako iparraldeko merkatuan liderretako bat (Galizia, Euskadi, Nafarroa, Katalunia eta Balearrak), merkatu horretan %12tik gorako kuota duena. Bere merkataritza-sarea 1.646 establezimendutara iristen da, supermerkatu, hipermerkatu, cash & carry eta online supermerkatuen artean; gasolindegiez, optikez eta kirol-ekipamenduko dendez gain. Halaber, 6 milioi Bazkide Bezero baino gehiago eta 33.000 bazkide kooperatibista, langile eta frankiziadun baino gehiago ditu.

Compartir en: