• Hurbileko produktuen marketplace bat da, EAEko ekoizle txikiei aukera ematen diena zuzenean merkaturatzeko produktu fresko eta elaboratu sail zabal bat

  • Bilgune berriak Bilbon eta Leioan egongo dira. Lehendik, hor dago Donostiako Amarakoa, orain urtebete instalatu zutena

  • EROSKIk oso dibertsifikatuta dagoen tokiko nekazaritza-ehuna bultzatzen du, zeina giltzarria baita sektorearen iraunkortasunerako

EROSKIk zabaldu egin du Interneten duen EROSKI AZOKA denda Bizkaira. Horko berrogeita hamar ekoizle txertatu ditu, eta beren produktuak eskainiko dituzte Indautxuko supermerkatuan, Bilbon, eta Leioako hipermerkatuan. EROSKIk egiten duen beste apustu bat da tokiko ekoizle txikiari laguntzeko.

EROSKI AZOKA webgunea independentea da Eroski.es gunetik, baina haren orrialde nagusitik sar daiteke bertara eta EROSKI Cluben fidelizazio-txartela erabiltzeko aukera ematen du. Bezeroak webgune horretatik egin dezake erosketa, eta hor aurkituko du produktu bakoitzaren fitxa teknikoa, baita ekoizlearena ere. Webgunean bertan ordaindu eta eskaria jasoko du, hala dendan, nola etxean, dendatik bertatik bidalita, gastu sinboliko baten truke. Bezeroek eskuragarri izango dituzte produktu freskoak, landuak eta produktu sorta bereziak; adibidez, 0 kilometrokoak, artisau erakoak eta tokiko produktu ekologikoak. Nabarmentzekoa da, halaber, ekoizleak zeregin aktiboa duela proposamen komertziala eraikitzeko garaian eta bere produktuak kudeatzeko orduan. Proiektua orain urtebete abiatu zen, Donostiako Amaran instalatu zutenean lehen bilgunea.

“Komunitate bat sortzea da gure azken helburua hurbileko produktuen marketplace honekin, funtsezko bi baliotan oinarrituko den ekosistema bat: iraunkortasuna eta gizarte erantzukizuna. Webgunea lagungarria da kooperatiba baten izaera praktikara eramateko, gauzak beste era batean egiten ditugula erakusteko”, azaldu du Asun Bastidak, EROSKIren Tokiko Produktuen zuzendari komertzialak.

Berrikuntza Behatokiaren aitortza Espainiako Kontsumo Handikoetan

Aurten, EROSKIren marketplace-ari aitortza egin diote Espainiako Kontsumo Handiko Berrikuntza Behatokian, zeina Cerda Institutuak antolatzen baitu urtero. Behatokiak lehenengoz nabarmendu ditu Espainiako Kontsumo Handiaren katean berrikuntza bultzatzen ari diren lau motorrak: iraunkortasunaren aldeko apustua egitea, gizarte eta lurralde kohesioa hobetzen laguntzea, ardatza kontsumitzailearengan jartzea eta katearen efizientzia handitzea. EROSKI AZOKA proiektua 300 proiekturen artean hautatu du Berrikuntza Behatokian diharduten hamasei aditu independenteko batzorde batek.

Ilunion Accesibilidad aholkularitza etxearen ziurtagiria

Interneteko EROSKI AZOKA dendak AA irisgarritasun ziurtagiria dauka, webguneak betetzen baititu desgaitasunak dituztenentzat irisgarritasunaren aldetik dauden nazioarteko estandarrak. Ilunion Accesibilidad aholkularitza etxeak eman dio ziurtagiria, ONCE Grupo social erakundearen menpekoak. Ziurtagiri horren bidez, desgaitasuna duen edozein, izan itsua, gorra, mugikortasun arazoak dituena edo desgaitasun kognitiboa duena, edo izan trebetasun digital gutxi duen adineko norbait, modu eraginkor eta autonomoan sartu ahalko da webgunera, eta bertan nabigatu eta interakzioan aritu.

Tokian-tokian babesa ematea nekazaritza arloko elikagaien sektoreari

EROSKIk %7 igo zituen nekazaritzako tokiko elikagai ekoizle txikiei EAEn egiten dizkien erosketak iaz, eta 203 milioi euro ingurura iritsi zen. EROSKI hemengo 1.600 hornitzailerekin baino gehiagorekin aritzen da. Urtero 775 milioi euro baino gehiago erosten du erkidegoan, eta tokiko 8.400 produktu baino gehiago saltzen ditu dendetan.

Zurekin ereduak, kooperatiba bere dendetan bultzatzen ari denak, asko laguntzen du tokiko nekazaritzaren ekoizpen ehuna dibertsifikatzen, bai eta sektorea iraunarazten eta denda guztien ingurune hurbileko ekonomia, kultura eta paisaia indartzen ere.

Compartir en: