Ari gara hurreratzen osasun krisi bolada hain gogor honetatik irteteko azken faseetara. Hiru hilabete pasa honetan, arrastoa laga duten bizipenak izan ditugu bai modu pertsonalean eta bai modu profesionalean.

Elikaduraren sektorean gabiltzanok funtsezko zeregina izan dugu gizartean oinarrizko ondasunen hornitzaileak izan garelako sekula ikusi gabeko osasun krisi honetan. Orain, kanpotik begiratzen hasteko modua dugun honetan, esan dezakegu zegokiguna egin dugula eta gauza izan garela hornigaiak bermatzeko etenik jasan gabe eta bai gure lantaldeen eta bai gure bezeroen segurtasun baldintzak betez

Segurtasun materialez hornitu, berregokitu eta indartu egin ditugu gure saltokiak eta plataformak eta eskari kolpeei erantzun diegu, bai gure denda fisikoetan eta bai on line kanaletan, funtsezkoak ez ziren proiektuak behin-behinean albo batera utzita. Hala, bezeroarengan jarri dugu arreta osoa, eta hori balio kate osoari esker gertatu da, zuei guztioi esker. Etapa berri bati ekin diogu orain, ‘normaltasun berria’ esaten diogunari, alegia, eta bezeroengandik inoiz baino hurbilago sentituz helduko diogu. Horretarako, dugun onena emango dugu, bolada honetan hartu dugun eskarmentuaz baliatuko gara eta gure enpresaren izaeran dauden balioak azalaraziko ditugu EROSKI Zurekin denda ereduaren bidez. Datozen pausoak emateko, gidaritzat hartuko ditugu indarra, handinahia, elkarlana, elkartasuna, eraginkortasuna eta bezeroarentzako zerbitzua. Dagoeneko hasi gara bide hori ibiltzen eta espero dugu orain azalduko dizkizuegun proiektuetan islatuta ikusiko dituzuela.