Tokian tokiko ekoizleekin lan egitea da gure ardatz estrategikoetako bat. COVID-19aren krisiak ixtera behartu ditu ostatu eta jatetxeak, eta jakina da nekazari eta abeltzainek hor saltzen dutela beren ekoizpenaren zati handi bat. Hori ikusita, EROSKIn modu proaktiboan ekin genion lehen sektoreari laguntzeko. Hala, ekoizle txikien eskura jarri dugu gure esperientzia, zailtasun une hauek gainditzeko modua izan dezaten, eta gure dendak ireki dizkiegu ohiko merkaturatze bideak galdu dituzten ustiapenei.

Geldialdiak kalte nabarmena egin die fruta eta barazki ekoizleei, ganadutegi txikiei, esneki ustiategiei, gazta freskoen ekoizleei… eta horiekin guztiekin lankidetzan hasi gara dendak ditugun autonomia erkidego guztietan, haien produktuei irtenbide bat emateko. Gure ohiko hornitzaileen lankidetzari esker, gure dendetaraino bideratu ahal izan ditugu ekoizpen horietako asko.

Bestalde, komunikazio bide zuzen bat ere ireki dugu, eta produktuei irtenbide bat emateko beharra zuten ekoizle txikiak harremanetan jarri ahal izan dira gurekin eta laguntza eskatu. Une jakin batean, hornitzaileen zerrendan sartu ditugu eta gure dendetan leku bat egin diegu haien produktuei.

“Pandemiak iraun duen artean, tokiko produktuen kontsumoaren hazkundea %25 inguruan ibili da bai produktu freskoen arloan eta ontziratuenean”.

Zehazki, Galizian, hitzarmen bat egin dugu Agria motako patatak merkaturatzeko (A Limiako eskualdean ekoizten da nagusiki, Ourensen), eta era horretan irteera bat emango diogu biltegietan pilatu zaien ekoizpenari. Guztira, 650.000, kilo patata iritsiko dira gure dendetara, pilatu zaien guztiaren %20. Ovica-rekin ere lankidetzan ari gara (Galiziako Ardi eta Ahuntz Hazleen Elkartea da) 3.050 kilo arkume haragi merkaturatzeko. Era berean, Galiziako zenbait ekoizleri biltegietan pilatu zaizkien produktuak merkaturatuko ditugu: Lácteos de Friol, Quesos Feijoo, Granja Romero (esnea), Granjas Baldomero (arrautzak) eta Jatorri Izena duten ardo upategi batzuk, Ardan, Santa Marta eta Pazo do Mar.

Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, Hazi erakunde publikoarekin eta Harakai kooperatibarekin batean, hitzarmena egin dugu euskal abeltzainek orain ekoizten dituzten arkumeak merkaturatzeko. Era berean, gure hornitzaileak laguntzen ari dira ekoizle txikiei sobrako berdurak eta barazkiak hartzen, gero gure dendetara bideratzeko. Gainera, Udapa kooperatibaren bidez, Arabako patata merkaturatzen dugu, Euskal Baserri markakoa, zeina Cooperativa Nuestra Señora de Ocon eta Garlan y Alavesa de Patatas kooperatibetatik baitator. Hitzarmena egin dugu, halaber, Euskadiko upategiekin, zenbait txakolin eta Arabako Errioxako ardoak sustatzeko.

Nafarroan, ekintzak koordinatu ditugu Intiarekin (Teknologia eta Azpiegitura Agroalimentarioetako Nafarroako Institutua) eta nekazaritzako elikagai industriaren klusterrarekin, “etxean jan dezagun” kanpaina garatzeko eta eskualdean ekoizten diren behi haragi, gazta, hestebete eta kontserben (piper eta esparrago) kontsumoa sustatzeko. Horrekin batean, hitzarmena egin dugu UAGNekin (Nafarroako Nekazari eta Abeltzainen Batasuna), eta gure dendetan tokian tokiko produktuak saltzen hasi gara: zainzuriak, orburuak, piperrak, txahal haragiak, arkumea, gaztak, ardoak…

“Tokian tokiko ekoizleei laguntzen ari gara beren produktuak gu gauden autonomia erkidego guztietan saltzeko. Gure ohiko hornitzaileen lankidetzari esker, gure dendetaraino bideratu ahal izan ditugu ekoizpen horietako asko”.

Eskualdeetan Hurbiltasun Programa bat dauka CAPRABOk, eta ustiapen txikietatik datozen elikagai gehiago merkaturatzeari ekin diogu; horrekin, hurbileko 53 ekoizleren produktuei eman diegu irtenbidea: ardoa, fruta, berdura, urdaitegikoak, haragia, esnekiak eta gaztak batez ere, eta baita eztia, lekaleak, fruitu lehorrak eta olioak ere.

Balearretan ditugun supermerkatuetan —turismoaren geldialdia dela medio oso kaltetua gertatu den eskualdea—, lehentasuna ematen ari gara lehen sektoreko ekoizleei, batez ere produktu freskoei, hala nola barazkiei (erreferentzia berriak hartuz) eta tokiko frutei (besteak beste, marrubiak eta zitrikoak).  Hala berean, tokiko esneari leku gehiago eskaini diogu, baita Jatorri Izen batzuetara atxikita dauden hornitzaileen ardoari ere: Binissalem, Pla i Llevant eta Vi de la Terra de Mallorca. Horrekin batean, martxan jarri dira sustapenak tokiko ekoizpenekoak diren olioei laguntzeko, besteak beste Mallorca Jatorri Izena. Gainera, portuetan erosten dugun arrain kopurua igo dugu, baita Balearretako txahalkiarena ere. Tokiko produktuen kontsumoan izan den igoera, pandemia garaian %25 inguruan egon dena  bai produktu freskoetan eta bai ontziratuetan. Gaur egun ildo horretan dihardugu, baita lehen sektorearekin lankidetzan ere; luze gabe, gainera, hitzarmen gehiago egingo ditugu.