Tokiko ekoizleekin jardutea da gure politika komertzialaren bereizgarrietako bat. Nekazaritzako elikagaien sektorea bultzatzen dugu hala, haren ekoizpen ehuna dibertsifikatuta, hori giltzarrizkoa delakoan haren iraunkortasunerako eta enpleguari, ekonomiari, kulturari eta paisaiari laguntzeko.

EAEko ekoizleekin lankidetzan egindako proiektua da guk bultzatu dugun lan ildoetako bat. Horren helburua da EAEko baratze ustiategien errentagarritasuna hobetzea laboreak dibertsifikatuz eta horien maneiu jasangarria eginez. Planak, Plan Hortaliza: Diversificación Sostenible Colaborativa izenekoak, 24 hilabete iraungo du, eta laguntzak jasoko ditu Eusko Jaurlaritzatik eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsetik.

Durangaldean abiatu genuen ekimena, eta dagoeneko Bilbo ezkerraldera eta Gasteizera zabaldu dugu, eta hemendik gutxira Uribe Kostara, Txorierrira eta Bilbora hedatuko dugu.

Planaren zutabeetako bat eskaintzaren dibertsifikazioa da; izan ere, kontua ez da gaur egun ekoizten dena saltzea, baizik eta denboraren joanarekin albora laga diren ekoizpenak berreskuratzea eta saltzeko interesgarriak izan daitezkeen labore berriak sartzea baldin ikuspegi agronomikotik ekoizteko modukoak badira.

“Berrikuntza aintzat hartzen du proiektu honek, alderdi askotatik, eta lana antolatzeko era berriak dakartza, era kolaboratiboak lehiakideekin eta bezeroekin; horrek, hala, ekoizpen bide berriak ekarriko ditu, eta merkatuan produktu berriak sartzeko balioko du”, esan du EROSKIren Tokiko Ekoizpenen zuzendari komertzialak, Asun Bastidak.

Proiektuan, bazkide gisa ari dira Neiker Tecnalia, Barrenetxe kooperatiba eta Lapikote baserria, baita Azkarrena SC eta Iñaki Azkoaga ere kolaboratzaile gisa.

“Planaren zutabeetako bat eskaintzaren dibertsifikazioa da; izan ere, kontua ez da gaur egun ekoizten dena saltzea, baizik eta albora laga diren ekoizpenak berreskuratzea eta saltzeko interesgarriak izan daitezkeen labore berriak sartzea”.

Lau fase ditu proiektuak: laboreak identifikatzea, laboreen ezaugarriak deskribatzea, landa probak diseinatzea eta gauzatzea eta aldaeren ezaugarritze sistemaren deskripzioa eta zabalpena.

Proiektuan laguntzen ari diren bazkide guztiek eskarmentu handia dute bakoitzak beren arloan, eta proiektuaren zerbitzura jartzen dute eskarmentu hori balio katearen askotariko etapetan barrena. EROSKIri dagokionez, proiektua gidatu ez ezik, Kudeaketa Batzordea zuzentzen dugu, eta gure ardura da, halaber, aldaeren ezaugarritze probak egiteko behar diren laboreak identifikatzea, aztertutako aldaerak kategorietan jartzea eta metodologia hedatzea, beste ekoizpen talde batzuetan ezarria izan dadin.

Plan honekin lotua dago tokiko-eskualdeko beste barazki proiektu bat; kontua da eskualdez eskualde barazkiak gure dendetara ekartzea. Horretan dihardugu Durangaldean 2018tik, eta espero dugu aurten EAE guztira hedatzea.