Ezohiko mundu krisi bat igarotzen ari gara, eta egunez egun gero eta larriagoa da. Erakunde guztiak ari gara nola edo hala egokitu nahian, eta batzuk muturreko erabakiak hartu beharrean dira inpaktu berezia duten egoera ekonomikoei aurre egiteko, dela fakturazioa erori delako eta dela jarduera eten delako. Gainera, hor dago norbere mina eta sufrimendua ere, hainbeste familia daude-eta larri.

EROSKI erabakirik onenak hartu nahian dabil lehen unetik, gure langileen eta bezeroen osasuna ziurtatzeko eta elikagaien funtsezko hornitzaile garen aldetik elikagai horiek bermatzeko. Nekazaritzako industria behar-beharrezkoa da pandemia honen kudeaketan, eta une honetan garrantzi handiagoa hartzen dute zenbait ezaugarrik kudeaketa horretan: lankidetza xaloa, efikazia irtenbideetan eta efizientzia, baliabideak eskas diren honetan.

“Barneko segurtasun neurri zorrotz-zorrotzak hartu ditugu, bai EROSKIn lan egiten dutenek eta bai gure bezeroek ahalik eta babesik handiena dutela bermatzeko”.

EROSKIko langileok bezeroari laguntza osoa emateko borondatez dihardugu une konplexu hauetan. Horretarako, besteren artean, gure dendetako taldeak indartu ditugu, kanpoko kontratazioa handituta eta egoitza sozialetako kideen babesarekin, haien jarduera ez baita hain larria orain.

Barneko segurtasunari dagokionez, hartu beharreko neurri guztiak hartu ditugu gure langileek  eta ondorioz gure bezeroek ahal den babes handiena izan dezaten. Dendan protokolo zorrotzak aplikatzen ari gara arriskuak gutxitzeko, hala nola sartzen den jende kopurua kontrolatuta, segurtasun distantzia atxikita, babes elementuak jarrita, ordainlekuetan babes pantaila ipinita, erosketa egiteko gomendioak emanda, eta abar.

Bezerorik zaurgarriena da gure lehentasuna, eta neurri sail bat ezarri dugu haien premietara egokitzeko, eta neurri horiek indartuz joango gara eskakizun berriak sortu ahala. Kolektiborik behartsuenak eta baliabide urriak dituzten familiak ere gure konpromisoen parte dira; horientzat elkartasun kanpaina bat jarri dugu martxan Gurutze Gorriarekin gure denda sarean dirua biltzeko; asmoa da bazterketa arriskuan diren haurren eta familien elikaduran eta higienean laguntzea, osasun krisi honek are larriago utzi baititu.

Erosketa zuzenean etxera eramatea oso baliabide aproposa da une honetan, eta askok eskatzen dute horrela egitea. Hori dela eta, etengabe ari gara gure gaitasuna handitzen eskarien gorakadari erantzuteko; gainera, segurtasun neurri berriak ipini ditugu.

Era berean, nekazaritzako sektore jakin batzuen —ekoizpen inpaktu handiena izan duten ustiategi txikien— garapen komertziala bultzatzen ari gara, horien kontsumoa asko igo baita merkataritza bide arruntetako batzuk itxi egin dituztelako.

“Eskerrik asko nekazaritzako elikagaien katea osatzen duzuen erakunde eta pertsona guztiei, gizarteari irtenbiderik onena bermatzeko lanean ari baitzarete behar handia duen une honetan”.

Etorkizunean, normaltasun berria berreskuratzean, kontsumitzailea are gehiago ulertzeko premia egongo da berriz. Giltzarrizkoa da haren konfiantza berreskuratzea eta gorabehera hauek haren erosketa ohituretan nola eragin lezaketen konprenitzea. Beste behin, gaur edo bihar, gure bezeroa ezagutzeko ahalegina egin behar dugu.

Eta azken lerro bat bereziki eskertzeko nekazaritzako elikagaien katearen parte zareten konpainia eta pertsona guztiei, gizarteari irtenbiderik onena bermatzeko lanean ari baitzarete behar handia duen une honetan. Jarrai ezazue orain arteko gogo berarekin baterako erantzunik onenen alde egiten, malgutasuna bilatzen, eta borondatez eta sen onez jokatzen, ez baitakigu afera aldakor honek zertara egingo duen. EROSKIn, gogor dihardugu irtenbidearen parte izan gaitezen, eta zuen babesarekin gure helburuak lortuko ditugulakoan gaude.

Eskerrik asko eta segi bizkor

Beatriz Santos EROSKIko zuzendari komertziala