2007ko ekitaldiaren aurkezpenaUrteko arlo aipagarrienen laburpena eta balorazioa

Prentsa-oharra

EROSKIren salmentak % 19 igo dira 2007an, guztira 7.642 milioi eurokoak izan baitira

  • CAPRABO bereganatzeak 2007ko ekitaldia markatu du. Horrela, EROSKIk bere lidergoa sendotu du prestazioetako supermerkatuaren formatuan.
  • Mozkinak % 9 hazi dira, eta 207 milioi eurora iritsi.
  • 17.935 lagun hasi dira 2007an EROSKIn lanean eta orain 50.587 gara guztira bertan ari garen langileak.

Madril, 2008ko apirilaren 1a
EROSKIk ezin hobeto amaitu du 2007. urtea, bai lortutako mozkinengatik, bai CAPRABO erosteko egindako eragiketa arrakastatsuagatik. Izan ere, Eroskik sendotu egin du Espainiako banaketako liderren artean daukan posizioa. 2007an, gainera, bezeroen beharrak asetzen jarraitu dugu. Lan horrek bide eman du jarduera berriak (EROSKI/mugikorra) eta zure ongizatea hobetzen laguntzen duten ekimenak abiarazteko (EROSKI 'zurekin' eta gure konpromisoak).

Ekitaldi bikaina

EROSKIren magnitude nagusiek argi uzten dute 2007koa ekitaldi bikaina izan dela. Eta hala da, EROSKIk % 19ko igoera lortu baitu salmentetan, 7.642 milioi euroraino iritsiz horiekin. Gainera, mozkinak % 9 hazi dira, eta guztira 207 milioi eurokoak izan dira.

Ondo asmatutako kudeaketa eta asmo handiko hazkunde-estrategia dira emaitza horien gakoak, eta horiei esker EROSKI Espainiako banaketa-sektoreko enpresa garrantzitsuenetakoa bihurtu da, eta, noski, kontsumitzaileek beren erosketak egiteko orduan lehenesten dutenetako bat ere bada. Horrela, EROSKIk bere bezeroei eskaintza lehiakorrak aurkeztean egindako ahalegina estimatzen dute bezeroek, batez ere kontuan hartzen badugu erosketa-saskirako dirua, murriztu ez bada ere, franko atxiki dela.

CAPRABO bereganatzeak ez du, ordea, EROSKIren hedapen-erritmoa geldiarazi; 2007an 601 milioi euro inbertitu baititu. Inbertsioen zati bat 169 establezimendu irekitzera eta sarea berritzera bideratu da. Kontsumitzaileengana are gehiago hurbiltzeko aukera eman dio horrek EROSKIri, eta baita denda moderno eta erosoen sarea, prezio eta aukera aldetik kontsumitzaileen erosketa-lehentasunei egokitutakoa, eskaintzekoa ere. Inbertsioen beste zati bat hainbat proiektu logistiko martxan jartzera bideratu da. Madrilgo San Agustín de Guadalix-eko eta Balearretako Son Morro-ko plataformak, esate baterako. 2008an zehar inauguratuko dira horiek, eta EROSKIren jarduera logistikoa sendotuko dute.

Bestalde, aurtengoan ere, finantza-ekarpenak EROSKIren autofinantzaketarako oso tresna baliagarria izan direla esan behar dugu. Izan ere, ekarpenen laugarren jaulkipenak, 2007ko uztailean egindakoak, aurreikuspen guztiak gainditu zituen eta horien zenbatekoa 225etik 300 milioi eurora zabaldu zen. Beste behin, inbertsiogileek EROSKIren proiektuan jarri dute beren konfiantza.

CAPRABO, jauzi handia

Zalantzarik gabe, 2007an, EROSKIk jauzi handia egin du CAPRABOren eskutik, berau erostea erraldoi-urratsaren parekoa izan baita, eta horrek ?prestazioetako supermerkatuaren? formatuan lidergoa sendotzea ahalbidetu baitu. CAPRABO erosteari (zehazkiago, haren % 75 erosteari) esker, EROSKIk bere presentzia handitu du erosteko ahalmen handia eta biztanle-hazkundea duten bi merkatutan, hau da, Katalunian eta Madrilen.

CAPRABO eragiketaren ondotik, 15.000 lagun baino gehiago hasi dira EROSKIn lanean, eta bertako langileek gozatzen duten lan-kalitateko politika bera eta abantaila soziolaboral berak eskuratuko dituzte. Sareari dagokionez, berriz, CAPRABOren 500 dendek EROSKIrekin bat egin ostean, 2.441 establezimenduz osatuta geratu da 2007ko ekitaldiaren amaieran.

Jakina denez, CAPRABOren egoitzak Katalunian jarraituko du eta Kataluniako eta Madrilgo iparraldeko 330 establezimenduetan bere ikurrari eutsiko dio. Sarearen gainerakoan, ostera, 2008an zehar apurka-apurka aldatuz joango da. Horrela, Aragoin, Balearretan, Gaztela-Mantxan, Gaztela eta Leonen, Madril Hegoaldean, Nafarroan eta Errioxan kokatuta dauden 170 dendak, EROSKI/center eta EROSKI/city hipermerkatu eta supermerkatuen ikurrak erabiliz txertatuko dira EROSKIren sarean.

Kalitatezko enplegua

2007an EROSKIk 2.634 lanpostu sortu ditu, aurreko ekitaldian baino % 7 gehiago. Horrez gain, CAPRABO taldeko 15.000 pertsona baino gehiago hartu ditu plantillan; hortaz, orain, guztira 50.587 pertsonek osatzen dute EROSKI.

EROSKIren lehentasunetako bat kalitatezko enplegua sortzea da. Horrela, bazkide-jabe bihurtzeko aukera ematen da, eta enpresaren kudeaketa irudi horren inguruan gauzatzen da. Izan ere, EROSKIn bazkide-jabeek enpresaren jabetzan, emaitzetan eta kudeaketan parte hartzen dute eta enpresaren akziodun dira. 2007ko ekitaldiaren amaieran, guztira 13.331 pertsona ziren bazkide-jabe eta datozen urteetan aukera bera izango dute EROSKIn lanean ari diren pertsona guztiek ere, EROSKI osatzen duten sozietate anonimoak pixkanaka sozietate kooperatibo misto bihurtuko baitira. Enpresaren jabe izateak mozkinen banaketan parte hartzeko aukera emango die EROSKIko langileei. 2007an, adibidez, 207 milioi eurokoak izan dira, eta horietatik 75 banatu egin dira.

EROSKI/mugikorra: dibertsifikazioaren aldeko apustua

2007an, EROSKIk dibertsifikazioaren aldeko apustua egin du, beste behin. Horrela, EROSKI/mugikorra jarri du martxan, operadore mugikor birtual (OMB) bihurtu ondoren. Jarduera berri horrekin, EROSKIK bere negozio-zorroa handitu eta familien beharrei erantzuten die, telefonia mugikorreko zerbitzuetan prezio lehiakorrak eta informazio-gardentasuna eskatzen ari baitira.

Estreinatu zenetik, EROSKI/mugikorra operadorea merkatuko merkeenetakoen artean egotea lortu du eta aurreikuspen baikorrenak ere gainditu dira. Horrek esan nahi du kontsumitzaileek oso balorazio positiboa egin dutela jarduera berri honen nortasun-ikurrei buruz: oso prezio lehiakorrak eta erraz ulertzeko moduko tarifak, erabateko gardentasun-konpromisoa (ez hileko kuotarik, ez bertan irauteko konpromisorik, ez gutxieneko kontsumorik eta ezta kostu gehigarririk ere) eta EROSKIren jarduera guztiek berezko duten zerbitzu-kalitatea.

EROSKI marka

2007an zehar, EROSKIk lehendik egiten ari den ahaleginarekin jarraitu du, bere bezeroei aurrezteko aukera emango dieten marka propioko produktuak eskainiz. Hainbat sustapen komertzial eginez, prezioei eusten ahaleginduz eta prezioak hobetuz, Alidisen ?Europako hirugarren erosketa-zentralean- egoteari esker, EROSKI marka hautatu duten Espainiako familiek beren erosketetan 20 milioi euro aurreztea lortu dugu.

Kontsumitzaileen osasunean pentsatuz, 2007az geroztik EROSKI markako produktuetatik ?trans? koipeak pixkanaka kentzeko konpromisoa dugu, koipe horiek baitira osasunerako kaltegarrienak. Horrez gain, ontzikietan informazio-metodo berritzailea erabiltzen hasi gara, nutrizio-semaforoa deritzona. Metodo horren bidez, dieta orekatu batean behar diren kalorien eta bost mantenugai nagusien kopuruak zein diren adierazten zaie bezeroei. Jarduketa bi horiek 'zurekin' eslogan korporatibo berriaren baitan sartzen dira, eta EROSKIk bezeroen ongizatearen alde egiten duen ekarpenaren erakusle dira.

2007ko magnitude nagusiak
Salmentak 7.624 milioi euro
Mozkinak 207 milioi euro
Inbertsioak 601 milioi euro
Cash-flow-a 483 milioi euro
Ebitda 5,70

Prentsa-oharra jaitsi